Estropezuka – A trompicones

Deskribapena

Bakarkako erakusteta: Jesús (Txus) Meléndez

“Estropezuka-A trompicones” hori izan da aukeratutako izenburua Aire galerian ipiniko ditudan lanak izendatzeko. Dozena bat koadro eta hiru marrazki. Lanetatik zaharrenak 1989koak dira eta berrienak aurtengoak.

Erakusketa, alde batetik Fito Ramírez-Escudero arduradunaren gonbitea da. Eta baita ere, inoiz norbaitek egin didan hurrengo galderaren erantzuna: eta zuk pintatzen al duzu?

Horretarako, 1989tik gaur egun arte, biltegian ditudan ikusi gabeko hainbat lan aukeratu dut eta urteetan zehar egindako ibilibidearen laburpena osatu nahi izan dut. Kanpoan geratu dira, noizbait erakutsitakoak ez ezik, izaeragatik proposatatutako ibilbidearekin bat ez datozenak ere.

Lanok, hurbil daitekeen edonori, saiatutako ibilbideen berri emango diezaiokete. Bidea, beharbada koherentzia gabekoa da, baina hori da, besterik ez. Saltoka, aurrera egin baino, estropezuka ibili. Aurrera ala atzera jotzen dudan jakin gabe.

Erakusketa 1989ko koadrotxo batekin hasten da eta erakusketan ikus daitekeen pintatutako azkena, 1989. Urteko koadro horren “errepikapena” ei da.

Neure buruari buruz: 1964an, Bilbon jaioa. UPV/EHUko Arte Ederren fakultateko ikaslea eta 1989. urtetik hona, bertoko irakaslea ere banaiz.

1986an taldeko erakuketetan parte hartzen hasi nintzen. Banakakoak ere egin ditut (azkena Bilboko Imatra espazioan 2009an). Gehienak Euskal Herrian. Azken hamar urteotan ez dut erakusketa askorik egin, azkena, Aire galerian antolatutako taldeko erakusketa batetan, koadro pare batekin parte hartu nuen.

Horrez gain, noiz edo noiz Euskaldunon Egunkarian, Argian, Garan eta Berrian Artearen gaineko kronikak idatzi ditut.

Azkenan, zenbait lagunaren erakusketetarako sarrerak eta oharrak idatzi ditut (Xabier Agirre, JR Amondarain, Luis Candaudap eta Usoa Fulladoenrentzat hain zuen ere).

Irudi galeria