Hotz egiten dut

Deskribapena

Ibai Maritxalar Urkiaren (Errenteria 1979) banakako erakusketa.

Estudio bazterrean pilatu diren oihal zati, listoi, zerbeza lata eta pintzel ustelduei begira pasa dut arratsaldea. Musika lagun (Bon Iver azkenaldian), bakarrik egoteko tarte egokia da estudiorako bisita. “Faltan hartzen dut nire burua” idatzi dut koadernoan eta sei hankako zaldi bat marraztu dut ondoan.

Hogei urte pasa dira fakultatea utzi nuenetik. Fito, Iñaki, Eskubi, Erramun eta Lakak ile gehixeago zuten garaiaz ari naiz. Itxaso eta Arantza oroitu ditut segidan, Arte Ederretan izan nituen emakumezko irakasle bakarrak oker ez banago. Aldatu dira gauzak ordutik.

Fakultateko urteak lainopean oroitzen ditudan arren, ordutik pasatakoak HD gardenean dauzkat barrenean jasoak. Han eta hemen. Hau eta hura. Villarriba villabajo, baina pintura izan dut beti bidelagun. Oso argi azaltzen ez dakidan indar batek bultzatu nau kosta ala kosta pintatzera, pintore sentitzera.

Margolari, sortzaile edo artista izateak zama dakar irremediablementian ordea, espektatibak. Zerbaiten zain egotearen paradoxa, besteen oniritzia jaso beharra, musikarik gabeko dantza etengabea… do it yourself eternoa. Benetako inpultsu naturala zapuzteko edabe magikoa. Eta Boris Vianen “Le déserteur” kanta entzunaz iheslari sentitzen naiz ni neu ere horrelakoetan, ispiluaren beste aldean agertzen den horri ttu egiteko gogoz. Pinturak hori baitu, eraikitako gezur guztiak gainditu eta zirrikituetatik barna egia gordinetara iristeko ahalmena.

Txaranga hotsa entzuten da. Negarrak lehortu eta Calamaroren “Honestidad brutal” jarrita dantzan hasi da sei hankadun zaldia. Pintzela hartu eta a galope tendido Zollo bazterrera iritsi diren pintura lan hauek atera dira. Batetik eta bestetik, haragi artetik eta lerdea dariodala erditze naturala izan da, epiduralik gabeko hustuketa heldugabea.

Ibai Maritxalar Urkiaren (Errenteria 1979): Arte Ederretan hartu nuen lehen pintzela eskutan eta ordutik pinturari lotuta ulertu dut sormena. Pintatu dut etxean, kalean, estudioan eta atzerrian. Pintatu ditut oihalak, paretak eta objektuak. Eta pinturak eraman ninduen espazioak arakatzera, instalakuntzak sortzera eta azkenik eszenografia ikastetik antzerkira. Bi urtez Londresen eta Polonian arte eszenikoetan murgildu ostean iritsi nintzen Mexikora eta aldatu zen nire bizitza. Ezagutu nituen Antonin Artauden itxaropen galduak eta argia. Aurkitu nuen kolorea eta maitasuna. Baina batez ere aldatu zen nire begirada, eta zabaldu zen nire sormen eremua. Egun, pintura eta antzerkia uztartzen ditut bakarka zein Zoruk antzerki taldearekin. Horretaz gain, irakasle naiz Bigarren Hezkuntzan eta sormenaz, emozioez eta arte lengoaiaz jarduten naiz ikasleekin. Azken urtetan, eszenografia lanak egin ditut Kukai, Anakrusa, Txalo edo Bertsozale Elkartearentzat eta bakarkako zein taldekako erakusketak gauzatu ditut Euskal Herria, Ingalaterra eta Mexikon.

Galería de imágenes