Madalenak

Deskribapena

“Madalena deitzen duten opil motz eta mardul horietako baten bila joateko agindu zuen amak, moldetzat erromes maskorraren kusku bat dutela diruditen horien bila. Eta berehala, igarotako egun tristeak larrituta, eta zetorrena hura bezain malenkoniatsua izango zela aurreikusita, te koilarakada bat eraman nuen ezpainetara madalena zati bat botata. Baina zurrutada horrek, opil apur eta guzti, neure ahosabaia ukitu zuen istant berean, astindu egin ninduen, eta neure baitan gertatzen ari zen aparteko zerbaitetan arreta jartzea eragin zidan. Plazer zoragarri batek hartu ninduen, bakandu, zerk eragiten zuen jakin gabe. Horrek, bizitzako gorabeherak axolagabe bihurtu zizkidan, bere hondamenak kaltegabe, eta bere laburtasuna irudimenezko. Hau guzti hau, maitasunak jarduten duen bezala, esentzia eder batez betez; baina, hobeto esanda, esentzia hori ez zegoen neure baitan; ni neu nintzen. Erdipurdiko, kontingente eta hilkor sentitzeari utzi nion. Nondik etor zekidakeen poz indartsu hura? Konturatu nintzen poz hura tearen eta opilaren zaporeari loturik zegoela, baina hura alde handiz gainditzen zuela, eta ezin zuela izaera berekoa izan. Nondik zetorren eta zein zen bere esanahia? Nola heldu hura neureganatzera? Bigarren trago bat edaten dut, ez dizkidana lehenengoak baino gauza gehiago argitzen; hirugarrena gero, are gutxiago argitzen didana. Gelditzeko ordua heldu da jada, badirudi edabearen bertutea motelduz doala. Argi dago bilatzen dudana ez dagoela edabean bertan, nigan baizik. Edabeak esnarazi zuen, baina ez daki zer den, eta egin daitekeen gauza bakarra etengabe errepikatzea da, baina aldiro intentsitate baxuagoaz, lekukotza hori, interpretatzen ez dakidana, geroxeago berriro eskatu nahi eta bere horretan neure eskura izan nahi dudana, azalpen erabakigarria lortu ahal izateko. Katilua utzi eta neure arimari erreparatu diot. Hark aurkitu behar baitu egia. Baina, nola?… Zein izan daiteke froga logikoak baino, bere zoriontasunaren eta errealitatearen ebidentziak ekarriz, gainerako errealitate guztiak desagerraraziko dituen egoera ezezaguna?”*

Erakusketa honetan aurkeztu ditudan pinturek madalena kutsua dute. Batzuk aspaldi egindako margolanak dira, beste batzuk, berriagoak; badira oraindik fresko daudenak ere. Ez dut uste guztiek usain bera dutenik, baina beste margolan hartan zoriontsu sentiarazi ninduena gogoratzen ahalegindu eta honek memorian utzitakoarekin landu ditut. Horregatik, esango nuke pintura hauek elkar bilatzen dutela.

Hor dago arazoaren erroa, memoriaren etengabeko bilatze horretan.

Pintatzeari ekin bakoitzean, etengabe hasi beharra dago, zerotik, behin eta berriro. Bataila hasi aurretik, ez du ezertarako ere balio beste batzuetan igo izandako mailak igotzeak. Behin eta berriro hastea baita pintatzea; zeure gaurko arazoetan eta biharko desiretan pentsatu bitartean tea edatea, aurrerago Proustek esan bezala. Apur bat koldar sentituz. Pintatzea, uraren beroaren ondorioz madalena birrintzeari itxarotea da, itxaron gabe, zure te kikaran erortzean zipriztindu eta ohitura etengo duen madalena hori.

*En busca del tiempo perdido (Por el camino de Swann). Marcel Proust

Irudi galeria