Barnekiak

Deskribapena

Deitu nahi badut ere ez dut nik nahi dudanetan agertzeko modua aurkitzea lortzen. Hainbat egoeratan agertzen da, eta ezin dut jakin neure aurrean agertzeko une edo leku zehatzak bilatzen dituen. Era askotara agertzen da, baina ahotsa ez da horietako bat. Bere itzala da inoiz aldatzen ez dena.

Ezagutzen ez dudan zenbaki baten deia jaso dut. Gauza burokratikoak. Telefonoa erantzun bitartean, marrazkiak egiten ditut oharkabean, apunteen koadernoaren gainean zirriborroak egitez. Gorantz begira dauden bi belarri biribil luze eta bi begi beltz obalatu handi. Peluxezko txakur baten gorputza du eta uzkia izar formakoa. Buztana belarrien antzekoa da eta goranzko norabidea jarraitzen du. Begiratzen nauen aldiro irribarre egiten du eta beti begiratzen nau.

Marrazten dudan lehen aldia ez bada ere, deia jaso nuenetik izaki gisa agertzen da etengabe. Bestela esanda, gorpuztu da. Ez dut inoiz ukitu, eta hitz egiten diodanetan, desagertu egiten da. Begiratu besterik ezin dut egin.

Berarekin harremanetan jartzen saiatzea erabaki dut, eta ni izango naiz topaketok noiz egingo ditugun erabakiko duena. Gogoan dut marraztu nuen lehen aldian deitu ninduen telefono zenbakia. Libreta bera hartu eta deitu dut, prozesua errepikatzearen erritual honek aktibatuko balu bezala. Ezer ez.

Bizirik dago, beti keinu bera du eta ia ez da mugitzen. Hala ere, ez litzateke zuzena mugitzen ez dela esatea, ez baita beti leku berean agertzen, lekuz aldatzen da. Bisitak goizez hasi ziren nire errutinarik zurrunenen baitan: kafea egin, plater-garbigailua jarri, txakurrak atera. Etxe barruan eta kanpoan gertatzen da. Beti dago zuhurtziazko distantzia batean, hiru bat metrora edo, eta betaurrekoak jantzita ez badaramatzat ere, haren bularrean taupada txikiak antzeman ditzaket. Hala ere, bere keinua beti aldaezina da.

Neure mugimenduak erregistratu ditut kontzienteki. Kafe bat jarri dut kafe-makina zehaztasunez manipulatuz. Txakurrak paseatzen ditut pausoak kontatuz, kontu handiz ikasitako Korear errutina bat erabiliz aurpegia garbitzen dut. Izakiaren arrastorik ez.

Deia amaitzen denean, nire zirriborroaren emaitzari erreparatzen diot, lerroak dardarka hasten dira arkatzaren keinu arinarekin. Askotan marraztu dut pertsonaia hau, baina bere begiak beltzez betetzen ditudan lehen aldia da. Emaitza gustatzen zait, sakontasun berezia duelako. Oraindik arkatzari eusten diot, konturatu naiz izakiaren itzala lausotzearekin batera grisez zikindu dudala eskuaren alde bat. Panpina baino beheraxeago, azken honi eman diodan izenarekin sinatu dut: Pippeto.

Irudi galeria