Media Melena

Deskribapena

Mari Carmenek (Lizarra, 1945) ile-apaindegi bat izan zuen 45 urtez Bilbon, eta 73 urterekin ma- trikulatu zen Arte Ederretan. Estefanak (Vigo, 2000), berriz, Vigon egin zuen batxilergo artistikoa, eta 17 urterekin elkartu zen Mari Carmenekin Arte Ederretako lehen mailako klasean. Nik ere gela hartan kointziditu nuen haiekin, irakasle nintzela. Orain laugarren mailan daude eta uztailean aur- keztuko dituzte euren Gradu Amaierako Lanak.

Bizialdi osoan buru bat ulertu izan duen modu berean ulertzen zuen forma Mari Carmenek hasie- ratik, eta ile mota bakoitzak ere bere mugitzeko eta pisatzeko moduak dauzkan neurrian. Batzuetan ile-sorta bat gutxien espero den lekutik moztera ausartu beharra zegoela esaten zuen, horrek dena alda zezakeelako. Pintura klasean kolpean sumatzen zuen bere koadroan kaoba ñabarduraren bat falta zela, edo sangina bat, bestela, edo borgoina bat. Behin, bigudi arrosaz osatutako errenkada bat itsatsiz osatu zion markoa bere koadroetako bati. Orain lerro kurbatu egiteko darabiltza alanbreak bere lanean, eta, metatzen joan ahala, bolumena sortzen dute, ile multzoekin gertatzen den bezala.

Estefana ohartzen da bere eskulturen geruzen artean ez dela argi geratzen non hasi eta non bukatzen den material bakoitza, harik eta, batzuetan, iruditzen zaion arte, fruituen kasuan bezala, horiek ere berez sortu diren objektuak direla. Koloretako oihalekin lan egitea kolorea zuzen sartu ahal izateko modu bat da harentzat. Eta gero, horren arabera zuzentzen zaie lanei: berdea, urdina edo gorria. Bere piezetan prozesuaren arrastoa ager dadin nahi izaten du, norbaitek kamiseta al- derantziz jantzi eta josturak bistan geratzen direnean bezala. Obra gurutzatzen duten marrazkiak dira jostura horiek berarentzat, berdin hariarekin, alanbrearekin edo beste edozerekin sortutakoak; zeharkatu daitezkeen igarobideak dira.

Biei garrantzizko zaie beren inguruan dituzten materialak hautatzeko fasea. Hala nola, berdin aukera ditzakete elementu naturalak, enborrak eta sustraiak, edo baita eguneroko objektu txikiak, botoiak edo gomazko zilindroak ere. Gero, lehengai horiek edozein direla ere, haietako bakoitzak bere singulartasunetik eraldatuko ditu, beti ezaugarri materialei adi, eta prozesuak eskatzen dienari erantzunez. Horrela topatzen dituzte prozedura berriak, gero eta gehiago zabaltzen eta zehazten doan jolas batean. Pintura ere bada bien jardunaren parte, zeina behin eta berriz dabilen joanean eta etorrian eta tartean sartzen.

Klase eta klase artean, flekilloa edo puntak mozten dizkio Mari Carmenek Estefanari, eta baita beste gelakide batzuei ere. Javier San Martini ere ilea moztu zion behin, Artxandan, Mari Carmenen etxean egindako askari batean.

Mediamelena. Adats erdi. Ileagatik erdiz, eta erdiz erdibana egiteagatik.

Damaris Pan

Irudi galeria